Itzuli dira irriak eta jolasak Azkaingo Ikastolara. Abuztua bukatu baino lehen elkartu dira berriz ikasleak, andereñoak eta ikastolako langileak. Aurten, gainera, haur gehiagok eman dute izena : 95 dira, iaz baino hiru gehiago. Ama-ikastolan 29 neska-mutiko dira eta lehen mailan 66 ikasle koskor.

Maevak eta Beronikak, bi andereño berrik, osatu dute talde pedagogikoa eta Oihana itzuli da. Joanak ere bide bera hartu du, Sandra eta Marttarekin batera ikastolaren funtzionamendua ahalbidetzeko.

Joan den udaberrian hasi zen osasun krisiak oraindik ere baldintzatzen du ikastolaren bizia, baina protokolo arinagoa jarri dute sartze honetarako. Helduek musukoa ezarri behar dute, aldiz distanziaziorik ez da mantendu behar eta materiala parteka daiteke ikasgelan. Haatik, kanpoan oraindik ere ezin dituzte baloiak eta pilotak atera, desinfektatu behar baitira aldi oro, ikasle berdinek erabiltzen ez badituzte. Jantegiko antolaketa, berriz, ekainekoaren bera dute.

Bidearen bi aldetara, berriz itzuli dira irriak eta jolasak. Ikastola berriaren esperoan, bete dute behin betirako behar ez duen ikasteko ola.