Ikasleek gomitak prestatu eta apaindu dituzte.

Aitzineko belaunaldien bizimodua ikertzen ari dira Azkaingo ikastolako haurrak. Urtarrilaren 4ean hasi zuten lan hori klasean eta, otsailaren 5ean, topaketa bat antolatuko dute, haien gomita onartu duten aitatxi-amatxiekin. “Nola bizi ziren gure arbasoak?” galderari heldu diote eta gaur egungo bizimodutik hain urrun den garai batera salto egin dute.

Lehen mailako adin ezberdinetako ikasleek etxekoekin hasi dute azterketa, lehenik, galdetegi bat prestatuz. Bakoitzak beren aitatxi-amatxiei zuzendu dizkiete galderak. Haien egunerokoa nolakoa zen hobeki jakiteko, etxeko eremutik hasiz eskolaraino, bestetako ohituretatik pasaz, galdera sorta ederra prestatu diete. Jantziak, janaria, jokoak, tresnak, zigorrak, ikasgaiak… alor anitz aipatzeko parada izan dute, eta, berriz ere, oporren bezperan, aitatxi-amatxien lekukotasunek haurren belarriak eta buruak beteko dituzte.